Emilio Adolfo Westphalen

Emilio Adolfo Westphalen

Bizitza
JaiotzaLima, 1911ko uztailaren 15a
Herrialdea Peru
HeriotzaLima, 2001eko abuztuaren 17a (90 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Judith Westphalen (en) Itzuli
Seme-alabak
ikusi
  • Silvia Westphalen (en) Itzuli
Hezkuntza
HeziketaNational University of San Marcos (en) Itzuli
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpoeta
Jasotako sariak
ikusi
  • Peruko Eguzkiaren Ordena Peruko Eguzkiaren Ordena
    Palmas Magisteriales Palmas Magisteriales

Emilio Adolfo Westphalen (Lima, Peru, 1911ko uztailaren 15a - 2001eko abuztuaren 17a) perutar poeta eta kritikaria izan zen.

Xavier Abril eta César Mororekin batera, 1930 ondoko urteetan, André Bretonek sortutako mugimenduaren eraginpean, Peruko poesia berritu zuen talde surrealistako kidea izan zen.

Biografia

Letretako ikasketak egin zituen, Limako San Marcos Unibertsitatean. Ikasketak amaitu eta berehala argitaratu zituen bere lehen poema-bildumak: Las ínsulas extrañas (1933, Irla bitxiak) eta Abolición de la suerte (1935, Zortearen abolizioa).

1939an El uso de la palabra literatura-aldizkari surrealistak argitaratu zuen ale bakarraren zuzendaria izan zen. Bi aldi desberdinetan Peruko kultura-aldizkari nagusietako biren zuzendari izan zen: Las moradasena 1947tik 1949ra bitartean eta Amarurena 1967tik 1971ra bitartean. Halaber, Revista Nacional de Cultura aldizkariaren arduradun izan zen 1964tik 1966ra bitartean.

1949an New Yorkera joan zen bizitzera, eta Nazio Batuen Erakundean itzultzaile gisa lan egitera. 1957tik 1963ra bitartean, Erroman bizi izan zen, itzultzaile gisa han ere, Nazio Batuetako Elikadura eta Nekazaritzako Erakundearen (FAO) zerbitzura. Perura itzuli zenean, Kolon aurreko Ameriketako arteko irakasle izan zen. Gero, diplomatiko gisa lan egin zuen Lisboan eta Mexikon.

Bere obran, surrealismoaren eraginaz gainera, abangoardiako beste idazle batzuen eragina ere nabari da: Pound, Eliot, Rilke, garai hartako mexikar idazleak eta abar.

Lan nagusiak: Bajo las zarpas de la quimera. Poemas 1930-1988 (1991, Irudipenaren atzaparretan. 1930etik 1988ra bitarteko poemak), bere aurreneko bi liburuen eta Arriba bajo el cielo (1982, Goian zerupean) obraren bilduma; Máximas y mínimas de sapiencia pedestre (1982, Oinezko jakituriaren maximak eta minimak); Nueva serie (1984, Sail berria); Belleza de una espada clavada en la lengua (1986, Mihian sartutako ezpata baten edertasuna); Ha vuelto la diosa Ambarina (1988, Ambaria jainkosa itzuli da).

Erreferentziak

  • Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q535605
  • Identifikadoreak
  • WorldCat
  • VIAF: 99867203
  • ISNI: 0000000084033467
  • BNE: XX897931
  • BNF: 12071912m (data)
  • GND: 134048857
  • LCCN: n81093393
  • NKC: jo20010093657
  • SUDOC: 029001013
  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Lur: 06019/eu_w_0153/w0153
  • Wd Datuak: Q535605