Sagittarius (konstelazioa)

Sagittarius 
Irudi gehiago
Datuak
LaburduraSgr
GenitiboaSagittarii
Sinbologiaarkularia
Eremua867 gradu karratu (15. maila)
Izar kantitatea
(magnitudea < 3)
7
Izarrik distiratsuenaKaus Australis (itxurazko magnitudea 1.9)
Konstelazio mugakideakAquila (konstelazioa), Scutum (konstelazioa), Serpens (konstelazioa), Ophiuchus, Scorpius, Corona Australis, Telescopium (konstelazioa), Indus (konstelazioa), Microscopium eta Capricornus
Behaketa
Igoera zuzena19 h
Deklinazioa-25°
Ikuspen onena 21:00etan (9 PM): abuztua
+55° eta −-90° latitude bitartean ikusgai.
Artikulu hau konstelazioari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Sagittarius».

Sagittarius edo Sagitarioa[1][oh 1] (latinez: Sagittarius— arkularia, ikurra, Unicode ♐) zodiakoko konstelazio bat da, orokorrean arkuari heltzen dion zentauro bat bezala irudikatua. Sagittariusek mendebaldean Scorpius eta ekialdean Capricornus ditu.

Ezaugarri aipagarriak

Sagittarius konstelazioa AlltheSky.com

Konstelazio honetako izarrik distiratsuenek "teontzia" deritzon ezaguterraza den asterismo bat eratzen dute. Teontzi honen heldulekua ζ Sagittarii, τ Sagittarii, σ Sagittarii eta φ Sagittarii izarrek osatzen dute, estalkia φ Sagittarii, λ Sagittarii eta δ Sagittariik, gorputza ζ Sagittarii, φ Sagittarii, δ Sagittarii eta ε Sagittariik, muturra δ Sagittarii, ε Sagittarii —konstelazioko izarrik distiratsuena— eta γ Sagittariik osatzen duten bitartean.

Sagittarius konstelazioan begi hutsez ikus daitezkeen bi zefeida daude, X Sagittarii eta W Sagittarii. Pistola izarra (Pistol star ingelesez) konstelazio honetan dago, begi hutsez ikusezina, nahiz galaxiako izarrik distiratsuenetako bat izan. Era berean, KW Sagittarii izar aldakorra izar ezagunetatik handienetako bat da. γ Sagittariigandik mendebaldera Esne Bidearen erdigune galaktikoa dago; S2 da gure galaxiaren erdigunean dagoen zulo beltz supermasibotik hurbilen dagoen izarra. Bestalde, Sagittarius konstelazioko 20 izarrek baino gehiagok, horien artean HD 179949 eta HD 187085, planetak dituzte inguruan orbitatzen.

Astronomia zaletuek asko begiratzen duten konstelazioa da, bertan zeru sakoneko objektu, izar kumulu eta nebulosa ugari baitaude. Euren ikusgarritasunagatik Trifida Nebulosa (M20) eta Omega Nebulosa (M17) aipatu behar dira; azkena prismatikoz ikus daiteke, besterik gabe.

Izar nagusiak

  • α Sagittarii (Rukbat), 3,97ko itxurazko magnitudearekin, konstelazioko zenbait izarrek gainditzen dute distirari dagokionez, Alfa Bayerren izendapena daraman arren.
  • β Sagittarii (Arkab), izatez bi izar dira: β1 (Arkab Prior) izar bitar zuri-urdinska da; β2 (Arkab Posterior) 4,28 magnitudeko izar zuri-horia da.
  • γ Sagittarii, honen kasuan, izatez, bi izar dira: γ1 Zefeida izar aldakorra da, W Sagittarii izenekoa, 7,59 eguneko periodoa duena; γ2k Nash edo Alnasl izena jasotzen du.
  • δ Sagittarii (Kaus Medius, Kaus Media edo Kaus Meridionalis) 2,72 magnitudeko eta laranja koloreko izar erraldoia da, konstelazio honetako laugarren distiratsuena.
  • ε Sagittarii (Kaus Australis), konstelazioko distiratsuena 1,85eko magnitudearekin. 145 argi-urteko distantziara dagoen izar zuri-urdinska da.
  • ζ Sagittarii (Askella edo Ascella), konstelazioko hirugarren distiratsuena da 2,63ko magnitudearekin. Izar bitarra da, eta biak dira zuriak.
  • η Sagittarii, 3,11 magnitudeko erraldoi gorria da eta 3,6 arku segundora dagoen izar kidea du.
  • ι Sagittarii, 4,13 magnitudeko erraldoi laranja.
  • λ Sagittarii (Kaus Borealis), 77 argi-urteko distantziara dagoen 2,81 magnitudeko erraldoi laranja.
  • μ Sagittarii (Polis, 3600 argi-urteko distantziara dagoen supererraldoi zuri-urdinska eta izar bitar itzaltzailea.
  • ο Sagittarii, 3,77 magnitudeko erraldoi laranja.
  • π Sagittarii (Albaldah), 440 argi-urteko distantziara dagoen izar sistema hirukoitza.
  • ρ1 Sagittarii, 3,93 magnitudeko Delta Scuti izar aldakorra.
  • σ Sagittarii (Nunki), 2,02 magnitudearekin konstelazioko bigarren izarrik distiratsuena da, Sigma Bayerren izendapena izan arren. Bere izena babiloniar jatorrikoa da.
  • τ Sagittarii, 3,32 magnitudeko erraldoi laranja.
  • υ Sagittarii, 4,58 magnitudeko izar bitarra. Hidrogenoan oso urriak diren (HdB izarrak) izarren eredua da.
  • φ Sagittarii, 3,27 magnitudeko izar zuri-urdinska.
  • Terebellum, bisualki elkarrengandik nahiko gertu dauden lau izarrek osatutako asterismoa. ω Sagittarii eta 62 Sagittarii asterismo honen zati dira.
  • 9 Sagittarii, O espektro motako eta 5,93 magnitudeko izar beroa.
  • U Sagittarii, X Sagittarii, Y Sagittarii eta V350 Sagittarii, laurak zefeida izar aldakorrak, horietako bigarrena lauretan distiratsuena, 7,013 eguneko periodoan 4,24 eta 4,84 artean aldatzen den distirarekin.
Pistola Izarraren eta bere inguruko nebulosaren kolore faltsuzko irudia.
  • RS Sagittarii, 6,03 magnitudeko izar bitar itzaltzailea.
  • RY Sagittarii, R Coronae Borealis izar aldakorra, bere motako bigarren distiratsuena.
  • KW Sagittarii, 9,35eko magnitude bisuala duen arren eguzki erradio baino 1460 aldiz handiagoa den erradioko supererraldoia da, ezagutzen den izarrik handienetako bat.
  • VX Sagittarii, beste supererraldoi gorri bat. Hau ere ezagutzen den izarrik handienetako bat da.
  • Pistola Izarra (V4647 Sagittarii), izar hipererraldoia da, gure eguzkia baino 2 milioi aldiz argitsuagoa, Esne Bidearen erdigunetik gertu dagoena.
  • V505 Sagittarii, izar bitar itzaltzaile batek domeinatzen duen izar sistema konplexua.
  • V3903 Sagittarii, O espektro motako bi izar berok osatutako izar bitar masiboa.
  • V3961 Sagittarii, Alfa2 Canum Venaticorum izar aldakorra, 2300 eguneko periodo luze ezohikoa duena.
  • WR 104 (V5097 Sagittarii). Bertan gas eta hautsezko espiral bat ikusi den Wolf Rayet izarra.
  • HD 164270 (V4072 Sagittarii), gure eguzkia baino 80.000 aldiz argitsuagoa den Wolf Rayet izarra.
  • HD 165185, 5,95 magnitudeko nano horia.
  • HD 169830, bere inguruan bi planeta dituen eta metaletan aberatsa den nano horia.
  • HD 170657, 6,82 magnitudeko nano laranja.
  • HD 172051, eguzkiaren antzeko nano horia, lehentasuna duen objektua da bizia izan dezaketen lurtar planeten bilaketan.
  • HD 179949, bere inguruan planeta bat duen eta gure eguzkia baino handiagoa den izar horia.
  • Ross 154 (V1216 Sagittarii), gure eguzki-sistematik 9,68 argi-urteko distantziara dagoen nano gorri txikia.
  • Gliese 783 (J. Herschel 5173) eta Gliese 784, hurrenez hurren 19,7 eta 20,2 argi-urteko distantziara dauden izar sistemak.
  • OGLE BW3 V38, ezagutzen den orbitarik txikienetako bat duen izar bitarra.
  • SWEEPS J175902.00-291323.7, soilik 10 orduko orbita periodoa duen planeta bat duen urruneko nano gorri bat.
  • Sakurairen Objektua (V4334 Sagittarii) nebulosa planetario ilun baten erdiko izarra.
  • LBV 1806-20, bisualki soilik 35 magnitudea duen arren, Esne Bideko izarrik distiratsuentzat hartzen da.
  • WR 102ka, gure galaxiako izarrik distiratsuenetako bat; ia ikusezina da hautsez inguratua egoteagatik.
  • S2, erdigune galaktikoan dagoen zulo beltz supermasibotik gertuen dagoen izarra.

Zeru sakoneko objektuak

Lurretik ikusia, Esne Bideak bere zatirik dentsoena Sagittariusen zehar du, Esne Bidearen erdigunea bertan dagoelarik. Horregatik, kumulu eta nebulosa ugari daude bertan:

Sagittariusko Trifida Nebulosa.
  • Sagittariusko kumulu handia (M22), 5,1 magnitudekoa, prismatikoekin erraz ikus daitekeen objektu bat da. 10.000 argi-urteko distantziara, gertuen dagoenetako bat da.
  • M55 kumulu globularra, 100.000 izar inguruk osatua.
  • Sagittariusko Izar Lainoa (M24)
  • Aintzira Nebulosa (M8), NGC 6530 izar kumulua inguratuz. Gau ilun batean begi hutsez ikus daiteke Esne Bideko zatirik emankorrenaren iparraldean.
  • Trifida Nebulosa (M20), banatzen duten laino iluneko hiru zerrendekin.
  • Omega Nebulosa (M17), Beltxarga edo oinetakoak sartzekoa ere deitua, argi ikus daiteke prismatikoen laguntza soilarekin.
  • Armiarma Gorriaren Nebulosa (NGC 6537), ezagutzen den izarrik beroenetako bat duen nebulosa planetarioa.
  • NGC 6818 eta NGC 6578, nebulosa planetarioak. Lehena 6000 argi-urteko distantziara dago.
  • M18 kumulu irekia, 1.a Omega Nebulosatik hegoaldera.
  • M69 kumulu globularra eta gertu duen M70a, biak erdigune galaktikotik gertu daudenak.
  • M75 kumulu globularra, 9,18 magnitudekoa eta 67500 argi-urteko distantziara dagoena.
  • M54 kumulu globularra, Esne Bidearen zati ez dena eta gure galaxiatik kanpo aurkitu zen lehen kumulua izan zena.
  • Ez hain nabarmenak, baina bai aipagarriak, NGC 6624, NGC 6638, NGC 6642, NGC 6652 eta NGC 6723 kumulu globularrak dira.
  • Sagittariusko A irratiturria, non Sagittarius A* dagoen, galaxiaren erdiguneko zulo beltz supermasiboarekin lotzen dena.
  • Sagittariusko galaxia nano eliptikoa (SagDEG), Esne Bidearen galaxia satelite bat, Tokiko Taldeko zati dena.
  • Barnarden Galaxia (NGC 6822), galaxia primitiboaren eredua eta Sagittariusko galaxia nano irregularra (SagDIG), biak Tokiko Taldekoak.

Mitologia

Sagittarius, Sagittarius edo Arkularia.

Antzinako mitologoen artean eztabaida handia zegoen konstelazio honek zentauro bat irudikatzen ote zuen ala ez. Eratostenes eta Higinoren arabera, ez zuen zentauro bat irudikatzen, zentauro batek sekula arkurik erabili ez zuela argudiatuz. Kroto izeneko satiro bat zela zioten. Musekin batera bizi zena Helikon mendian. Krotok, geziak jaurtitzeko artea asmatzeaz gain, txaloak ere asmatu zituen musak entzuten ari zen bitartean. Hauek, pozik, Zeusi Kroto konstelazioen artean jartzeko eskatu zioten.

Bitxikeriak

Dirudienez, Sagittarius da sekula detektatu den balizko estralurtar seinale baten iturri bakarra. Gertakari hau 1977ko abuztuak 15ean gertatu zen, irratiteleskopioek ohi detektatutako hondoko erradiazioa baino 30 aldiz handiagoa den seinale bat detektatu zutenean.

Ikus, gainera

Oharrak

  1. Euskaltzaindiaren 173. arauak honako hau gomendatzen du: "Euskaraz, konstelazioen izenak adierazteko, komeni da nazioarteko formak —latinezko grafia— erabiltzea, hainbat komeniago testuak zenbat eta teknikoago edo jasoago izan. Nolanahi ere, latinezko izenen itzulpenak edo egokitzapenak ere —azalpen-izenak— erabil daitezke, bigarren mailan, testu didaktikoetan edo azalpen gisa".

Erreferentziak

  1. «Zodiakoko konstelazioak eta astrologiako zeinuak» 173. Astroen izenak. Euskaltzaindia, 17 or..

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q8866
  • Commonscat Multimedia: Sagittarius (constellation) / Q8866

  • Identifikadoreak
  • GND: 4053417-0
  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Britannica: url
  • Wd Datuak: Q8866
  • Commonscat Multimedia: Sagittarius (constellation) / Q8866


88 konstelazioen izenak

Andromeda • Antlia • Apus • Aquarius • Aquila • Ara • Aries • Auriga • Boötes • Caelum • Camelopardis • Cancer • Canes Venatici • Canis Major • Canis Minor • Capricornus • Carina • Cassiopeia • Centaurus • Cepheus • Cetus • ChamaeleonCircinus • Columba • Coma BerenicesCorona AustralisCorona Borealis • Corvus • Crater • Crux • Cygnus • Delphinus • Dorado • Draco • Equuleus • Eridanus • Fornax • Gemini • Grus • Hercules • Horologium • Hydra • Hydrus • Indus • Lacerta • Leo • Leo Minor • Lepus • Libra • Lupus • Lynx • Lira • Mensa • Microscopium • MonocerosMusca • Norma • Octans • Ophiuchus • Orion • Pavo • Pegasus • Perseus • Phoenix • Pictor • Pisces • Pisces Austrinus • Puppis • Pyxis • Reticulum • Sagitta • Sagittarius • Scorpius • Sculptor • Scutum • Serpens • Sextans • Taurus • Telescopium • Triangulum • Triangulum Australe • Tucana • Ursa MajorUrsa Minor • Vela • Virgo • Volans • Vulpecula

  • i
  • e
  • a
Mendebaldeko Zodiakoa
  • i
  • e
  • a
Astrologia • Zodiakoaren zeinuak

Aries

Taurus

Gemini

Cancer

Leo

Virgo

Libra

Scorpius

Sagittarius

Capricornus

Aquarius

Pisces

  • i
  • e
  • a

Aries

Taurus

Gemini

Cancer

Leo

Virgo

Libra

Scorpius

Sagittarius

Capricornus

Aquarius

Pisces

Ikus, gainera: Koordenatu ekliptiko • Ekinozioen prezesio • Zodiakoko argia